XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

@- Hi nirekin etorriko haiz Iruñeko Seminariora, ikastera, nahi duk?.

Joakinek, ondoan bait zegoen, harridura aurpegia jarri zuen.

Apaizak hari ere galdera egin zion: - Nahi duk heuk ere etorri?.

Begiak hildu zituen, eta gure aitak ulertu egin zuen.

@- Hik ez duk nahi, ez da? @- Zuk esaten duzuna.

Sukaldean geratu ginen hirurok, oso adi, harik eta denek aldegin zuten arte.

Afaltzeko orduan, Joakin hasi zen, inori begiratu gabe: - Amarik ez bait daukagu, eta nahi dutena egingo dute, baina Iruñera nik ez dut joan nahi.

- Hago lasai, seme, hi ez haiz joango.

- Joxek ere ez du joan behar.

Hura oso lasai zegoen, eta komentatu zuen: - Estudiotarako besterik ez da.

- Hemen ez dela ezer ikasten iruditzen zaik ala?.

Aita konbentzitzen ahalegindu zitzaion, Joakin ordea mahaitik altxatu eta ez zuen beste ezer entzun nahi izan.

Egun hartatik bertatik Joxeri bekosko txarra jartzen hasi zitzaion.

Gauez liburu kontuan laguntzen ere ez zion uzten.

Lagunez ere aldatu egin zen, zaharrenarekin batera ez ibiltzearren.

Eta garai hartan bertan, baita ere, bere urte beretsuak izango zituen batekin asko ibiltzen hasi zen; Jesus Mari zuen izena.

Nahiz eta herrian bizi ez, eta Ordizian jaioa izan, Gipuzkoan, sarritan etorri ohi zen, aita Meanurukoa bait zuen eta asko tiratzen zion.

Udara hura igaro zenean Joxe Iruñera eraman zuten.

Askotan idazten zigun, eta aitak ahots ozenez irakurtzen zituen haren gutunak, Joakinek ordea ezentzuna egiten zuen, eta ez zuen inoiz galdetzen haren berri.